|
|
|
|
|
|
« Psikopedagogia |
|
|
Heziketa-proiektua (1.991-1.992) |
|
|
|
|
|
|
Aurreko esperientzia horretatik abiatuta, eta etsipena eta burn-out sindromea prebenitzeko metodo bezala irakasleen baliabideen paradigma aberasteko eta osatzeko norabidean jarraituz, 1991-92 ikasturtean prestakuntza-mintegi batzuk antolatu genituen, José Luis de la Matak eta Teresa Gilek bultzatuta eta haiek gainbegiratuta. Aurreko esperientziako diseinua zeharo aldatu zen oraingoan. Irakasleen etsipena, lana uzteko erabakia, erlazioetan ez parte hartzea, ezintasun sentipenak. gainditzeko bide bakarra trebakuntza zela ikusi genuen. Irakasleek esperientzia eta ezagutza handiak zituzten, jakina, baina esperientzia hori eraginkorra izateko baliabideak behar zituzten.
Zeregin-taldeak edo ikasteko taldeak antolatzea zen egitasmo honen gakoa. Irakasleek osatzen zituzten talde horiek, bi koordinatzaile-psikologoren aholkuekin. Haietako bat maisu-maistra eta psikologoa izaten zen, aldi berean, aurreko esperientzian ikusitako lehia eta norgehiagoka saihesteko.
Irakasle-tutoreek ikasleekin duten erlazioa ulertzeko eta erlazio horretan bide berriak zabalduz joateko behar dituzten baliabideen corpusa osatuz joateko ezinbestekoak iruditzen zaizkigun oinarrizko kontzeptuak aztertzea zen proiektu honen helburua. Hots, abiaburu moduko ERREFERENTE bat sortzea, hezkuntzako eta tutoretzako jardunari zentzua eta hezurdura emateko, esku-hartze horretan haurrentzat, taldearentzat nahiz tutorearentzat batzuetan zailak izaten diren garapen, erlazio, nortasun, auto-estimu eta antzeko egoerei aurre egin beharra zegoela gogoan izanik.
Proposatutako helburu orokorren bidez hauxe lortu nahi genuen, beraz. Batetik, etengabeko azterketa egiteko espazio bat sortu nahi genuen, bigarren komunikazio-zirkuitu bat, bertan esku-hartze, estrategia, hipotesi eta metodologia desberdinak ebaluatu, balioztatu, landu eta gainbegiratzeko. Bestalde, gure ekarpentxoa egin nahi genuen irakasleen etengabeko prestakuntzan, maila teoriko eta praktikoan, irakasleen erreferente teorikoa zabaltzen zuten zenbait kontzepturen azterketa teorikoa eginez, beren jardun profesionalean eta tutoretza-lanean zuten esperientzia zabala izendatu, ordenatu eta eraginkor egiteko baliabideak emanez joateko. Azkenik, hezkuntza-jardunaren azterketa bat egin ahal izatea zen hirugarren helburua, landutako eduki teorikoak erreferentziatzat hartuta, egoerak talde-laneko ikuspegi batetik aztertzeko eta kontzeptu teorikoak eguneroko egoerekin bateratzeko.
Hauxe izan zen lanerako aukeratutako dinamika: saioak bi zatitan banatu genituen, teorikoa lehena eta praktikoa bigarrena. Parte-hartzean oinarritutako talde-lana aukeratu genuen metodologia bezala, erreferentziazko bibliografia batetik abiatuta, oinarrizko kontzeptu batzuk denen artean landu, aztertu eta bateratzen joateko. Bigarren zatian, tutoreen esperientzian bizi izandako egoera zehatzak aztertu genituen, oinarri teorikoa eta egoerari lotutakoa zeharo uztartuta zeudelarik, baliabide teorikoak landu ahala hezkuntza alorreko erlazioko galdera zehatzei erantzuten joateko aukera sortzen zelako.
Azkenik, hamabi urteotan landutako esperientzia hau oso ona izan dela esan behar dugu, bai hezkuntza-maila guztietako ikastetxeetan landu dugulako (eskolaurretik unibertsitatera), bai hezkuntza-jarduna zorrozki aztertu eta kontzeptu askotan sakondu dugulako, bai esperientziak hamabi urtean iraun duelako, bai parte-hartzaileek hala baloratu dutelako, esperientziarekin oso pozik daudela adierazi izan dutelako, eta egindako lan partekatu honetan baliabide asko eskuratu dituztelako. |
|
|
|
|
|
igo ^ |
|
|
|
|
|
|